2009/09/09

BURU-MAPAK: zer-nolakoa eta zertarakoa


Goiko BM hori Alan eta Emily Burtonek egina da eta haien webgunean jaso dugu.

Buru-mapagintza zabalduz egin nahi dugu bizibidea, besteak beste. Horretan ari garela, bezerogai batek galdetu digu berriki: "...akaso, izango bazenu idazkiren bat azaltzen zertan datzan buru-mapa, zertarako balio duen, aplikazioak eta azkenik zer nolako formatotan aurkez daiteken (ikastaro, hitzaldi,...) nik bidaliko diet berriz ere ardura duten teknikarie...". Lanean jarri gaituzte, bada, berriz ere, eta erantzundakoaren lehenego zatia blog honetara dakargu jarraian. Eskaini ditzakegun ikastaro/hitzaldien formatoari beste idazki baten helduko diogu. Mila esker aunitz, Igone, galdetzeagatik!

1. ZER DA BURU-MAPA BAT?

Honela definituko dut nire esperientzian oinarrituta: ideiak adierazteko, antolatzeko eta aurkezteko teknika berezi bat. Buru-mapak eskuz egin daitezke, eta buru-mapak egiteko software-sorta zabal bat ere badago.
Eskema mota hau proposatzerakoan Buzan anaiek garunaren ahalmen guztiak aktibatzea eta erabiltzea dute xede. Sormena eta oroimena laguntzen dute buru-mapek.

1.1. Nolakoa da buru-mapa bat?

Gaia adierazteko irudi argi eta koloretsua izaten du erdigunean, arreta ondo harrapatzeko eta ideia-asosiazioa pizteko.
Sortzen diren gainerako ideiak adar eta azpi-adarretan jarriko ditugu, modu arinean, ideia-jarioari bide emanez, egitura erradiala osatuz.
Ahal den heinean irudien bitartez adieraziko ditugu ideia horiek. Hitzak erabili behar izanez gero (kontzepturen bat irudi bidez adierazteko zailtasunagatik), gako-hitz bakarraz adierazten saiatuko gara. Jakina, buru-mapa beste batzuei gauzak azaltzeko erabiliko badugu, hitz-irudi bikotea jarri dezakegu.
Ahalik eta eskemarik ederrena egingo dugu eta espazioa ahalik eta txukunen erabiliko dugu, buru-mapa gauza erakargarria eta argia egiten saiatuz.
Garunak hobeto uler dezan naturan agertzen diren antzeko formak eta egiturak errepikatuko ditugu. Horrexegatik eskema mota honen egitura erradiala (arbolak, garunaren barne egitura bera, gure gorputza, tximistak,...).

1.2. Paradigma-aldaketa

Paradigma-aldaketa handia da buru-mapa idazteko eta eskemak egiteko ohiko moduen aldean:
ohiko testu lineal zuri-beltzekoen aldean oso itxura ezberdina duelako.
ideiekin lan egiteko prozesu osoa gozagarri bihurtzen delako.
garuna etengabeko aktibitatean jartzen digulako (irudiak asmatzen saiatzea, koloreak kodatzen saiatzea,...).
pentsamendua (eta, ondorioz, bizitza)irekitzen duelako. Egitura erradialaren altxorra da hori. Edozein ideia gehitzen dugula, beti dago espazio irekia beste ideia batzuk jartzeko azpi-adar edo albo-adar gisa.
talde-lanean ari garenean, kide guztien iritziak modu arinean eta malguan toki batean integratzeko aukera ematen digulako, inorenik baztertu gabe.

2. ZERTARAKO BURU-MAPAK?

Ideiekin lan egin behar duen edozein pertsonentzat edo talderentzat egokia da tresna hau.

Ordenagailu bidez buru-mapak eginez gero informazio kopuru handiak ondo antolatzeko modua izango dugu (edozein agirirako, artxiborako edo internet-gunetarako lotura egin ahal da).

Besteak beste, esparru hauetan dira oso erabiliak buru-mapak mundu zabalean.
1. NORBERARENTZAT (autoanalisia, erabakiak hartzeko, arazo konponketan, sortkuntzan, testuak idazteko oinarri gisa, agenda gisa, ikasketan (opositoreak, hizkuntzak,...)
2. FAMILIAN: familian ikasteko, ipuin kontaketa,...
3. HEZKUNTZAN: pentsamendua garatzeko, irakasteko,
4. OSASUN ARLOAN: dislexia arazoak konpontzeko,...
5. LANEAN (ENPRESAN, ELKARTEETAN, ADMINISTRAZIOAN...): bilerak antolatzeko eta gidatzeko, jendaurreko mintzaldiak prestatzeko edo eta emateko, zuzendaritzan
6.KOMUNITATEAN: etorkizuna irudikatzeko, proiektuak bidetazeko,...

3. SAKONTZEKO

Gehiago jakin nahi izanez gero, hauek izan daitezke sarbide egokiak:

1. Tony Buzan:
- bideo honetan buru-mapa zer den eta zer onura duen azaltzen du.
- “The mind map book” (1996) “El libro de los mapas mentales” (Ed. Urano)
2. Adibideak: Paul Foremanen buru-mapa kutunak
3. Wikipedian:
ingelesez
espainolez
frantsesez
- Buru-mapak egiteko programa informatikoen zerrenda
- Guk sarrien erabilia: XMind

___________________________________________________________________
BM31: Mind Mapping-Open Space Technology-Sormena
____________________________________________________________________________

No comments: