2014/06/17

BIzi Tokiren aldeko elkartasun kanpaina

Bizi Toki : eraldaketa soziala eta eskolari alternatiba
Elkartasun kanpaina



Hiru urte jada Bizi Tokin eraldaketa sozialean eta eskolari alternatiban hainbat bizipen eder ditugula eta arlo hauetan Euskal Herrian gogoeta eta praktika aitzinarazten ari garela. Gaur egun Bizi Toki Euskal Herri mailako topagunea da eta luzaz hala izaten segitu nahi du!

Bizi Tokiren egoitza konpontzeko lanak auzo lan aberasgarrien bidez burutzen ditugu, baina material anitz erosi behar dugu. Horretarako 20.000 € biltzeko elkartasun kanpaina bat egin behar dugu. Kanpaina hori, Bizi Toki gehiago ezagutarazteko eta eraldaketa soziala eta eskolari alternatiba zabaltzeko baliatu nahi dugu ere.

Gauzak hola, Bizi Tokik interesa piztu dizuen guziei laguntza eskatzen dizuegu. Gure ideia, irailean eta urrian Euskal Herriko ahal bezain bat herri eta auzotan Bizi Toki lagundu nahi dutenek ekitaldiak antolatzea da. Ekitaldiak bi partetan egiten ahal lirateke. Lehen partean, bi ordu ingurukoa, Bizi Tokiren aurkezpena eta eztabaida bat antolatzen ahal lirateke. Bigarren partean dirua biltzeko elkartasun afaria edota kontzertua, antzerkia, zintzur bustitzea, kantaldia, bertsolaritza, talo jatea, ostatua, pintxoak, ogitartekoak...

Euskal Herriko txoko anitzetan Bizi Toki aurkeztu dugu jada baina gogotik itzuliko ginateke txoko hauetara eta gogotik ere beste berri batzuen ezagutzera joango ginateke. Eskertuko genizueke beraz, lagundu nahi bagaituzue, gurekin harremanetan sartzea.

Besarkada azkarra eta agian laster arte.

No comments: